Anjel Lertxundi

Pandemia hitzak (pan eta demos) herri osoa esan nahi du, eta herri osoari (mundu osoko han-hemengo biztanleen kopuru handi bati) eragiten dion epidemiari deitzen zaio horrela. Hitza ulertzen eta erabiltzen dugun eran, coronavirusari deitzen diogu horrela, epidemiari berari,  baina, praktikan, areago doa hitza, herri osoa harrapatzen du bere adierak luze-zabalean: herritar asko kutsatzean eta hiltzeaz gainera, herriaren bizimodu osoa iraultzen du pandemia batek, bizitza publikotik hasi eta etxe barruko bizitzaraino; ekonomiari eta etikari eragiten die, izuari zein solidaritateari; ez dago giza bizitzaren geruzarik pandemiak afektatzen ez dionik: pandemia batek giza aktibitate guztien sare trinkoari eragiten dio, arrisku bizian jarriz gizartearen oinarri zibilak berak ere.

Lekukoak gara, bete-betean harrapatu gaitu.

Handi garela uste genuen, baina pentsatzen hasita —eta egunok aproposak dira horretarako— planeta osoa hondatzen eta hondatzen jarduteraino gara handi, itsu eta harro. Pandemia batek etorri behar izan du zein txikiak garen irakastera. Gizakion alde onenak aktibatu ditu pandemiak (tamalez, ez ditu txarrenak desaktibatu):  erdi lotan geneukan etikaren aurrean jarri gaitu Gobernutik hasi eta azken herritarrarenganaino: erabaki muturrekoak hartzera behartu gaitu eta etxeko pareten artean konfinatu: bertan, Lizardik etxe-barne bizia deitzen zuen familia giroko intimitatean  inoiz imajinatu ez genituen egoerak pasatu zaizkigu burutik: asko eta asko ilunak, horixe egia, baina baita eder askoak ere, batez ere bizitza armonikoago baten esperantzak eraginak, zeren tragediaren erdian, udaberriarekin, ari baikara ikusten solidaritatea nola ari den loratzen.

Etxera erretiratu gaitu pandemiak, hori ere lortu du, baina, horrek dakarren isolamendu deseroso guztiarekin ere, non eta etxeko erretiroan ari gara ikusten —deskubritzen?— ez garela gizabanako soilak. Gizartea gara, taldean gara: hurbilekoekin bezala ezagutzen ez ditugunekin; heroi anonimoekin; gaixoekin aurrez aurre ari direnekin bezala gizarteko beste hainbat zeregin premiazkoak betetzen ari direnekin ere…

Gehienok etxean sartuta gaude. Halabeharrez, baina hartutako neurria diziplina zibilarekin onartuz. Ez dago besterik. Ez, ez dago, hori da gure eginkizuna. Guk, ordea, egun gutxi daramatzagu horretan. Jende asko, ordea, aspalditik dago —pandemia hasi aurretik— etxean edo zaharretxeetan: iraupen luzeko gaitzen batek jotako pertsonak dira. Tartean, alzheimerra duten gaixoak, ezer gutxiz jabetzen direnak,  nekez erreakzionatzen dutenak estimuluren baten aurrean,  erabakirik txikiena hartzeko ere gai ez direnak. Gogorra behar de beren egoera, gogorra bezain meritu handikoa euren zaintzaileena. Hainbat denbora eman eta gero gaixo bat zaintzen, batzuetan urteak, orain, gaixoaz arduratzeaz gainera, beren buruak zaindu behar dituzte, ez kutsatzeko berak, ez kutsatzeko zaintzen ari diren gaixoak, ez kutsatzeko beren pentsamenduak pesimismoarekin, animu faltarekin, apatiarekin.

Zaharretxe bakan batzuetatik iritsi den hainbat albistek ez du deus pozgarritik, baina horrek zabal dezakeen zaharretxeei buruzko irudi gaiztoa guztiz zekena eta justiziarik gabea litzateke iraupen luzeko gaixoak zaintzen dituzten zaintzaileekin: halako gaixoak zaintzeak dakarren neke fisiko eta psikologikoari pandemiaren arriskuak dakarrena erantsi behar zaio. Anonimotasun osoan, bai, baina etxe-barne bizi batean.

Udaberria loratzen ari da. Gaixoaren ohea, eguzkiaren argitan.

Anjel Lertxundi