943 317 324 , 688 889 806 

Maximo Goikoetxea sariak 2021

Belaunaldien arteko jardunaldiak

Jardunaldian, Irungo Plaiaundi zentroari Maximo Goikoetxea-Lotzen saria eman zitzaion.

Duela egun batzuk Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Zentroa) eta Aubixa Fundazioak antolatutako belaunaldien arteko II jardunaldia egin zen Nazaret zentroan. Aubixa Fundazioak, bigarren edizio honetan, Irungo Plaiaundi zentroari eman zion Maximo Goikoetxea-Lotzen saria “On egin!” bideoagatik.

Maximo Goikoetxea joan den azaroan hil zen. Politikari eskainia, bereziki Gizarte Zerbitzuen arloan, Gipuzkoako foru diputatua izan zen, eta handik abiatu zituen foru erakundea ordutik gaur arte garatzen ari den gizarte politikaren oinarriak. Era berean, Donostia Ospitaleko zuzendari gerentea eta Biodonostia, gure erkidegoko lehen ikerketa biosanitario zentroaren bultzatzailea izan zen, baita Aubixa Fundazioko zuzendari exekutiboa ere.

Isabel Berasaluce alargunak eta Feli Goikoetxea ahizpak eman zuten saria, eta, guztira, Gipuzkoako bederatzi Lanbide-Heziketako ikastetxeren 37 bideo aurkeztu ziren. Sari horren bidez, belaunaldien arteko lankidetzarako proposamenik onena aintzatesten da, Gipuzkoako gazteek zaintza behar duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko gai diren ekimenak bultzatzerakoan egiten duten lana saritzeko asmoz.

Parte hartu zuten ikastetxeetako ordezkari guztiak ezin izan ziren bertan egon. Hirurogei lagun, irakasle eta ikasleen artean, Nazareteko aretoan egon ziren antolakuntzako kideekin. Gainerakoan online konektatu ziren Tknikaren plataformaren bidez eta bertan ikus daiteke jardunaldi osoa.

Inaugurazio ekitaldia fundazioko presidente José Félix Martí Massó doktoreak egin zuen, eta Aubixak mendekotasun-egoeran dauden eta COVID-19ak areagotu duen adinekoei ematen dien laguntza azpimarratu zuen. Txaro Rodrigok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen ordezkariak, lanbide heziketaren garrantzia azpimarratu zuen, eta Aitziber San Román Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak Goikoetxea doktoreari eta gizarte politiken garapenaren garrantziari zuzendutako hitzaldi hunkigarri bat eman zuen.

Lurdes Ubetagoyena kazetariak aurkeztu zuen jardunaldia eta, hizlari gisa, Enara Larrainek eta Irantzu Telleriak ikerketa interesgarri bat aletu zuten, lanbide-heziketakko bi zentrotan egina, pandemiak nerabeen eta gazteen osasun mentalean izan duen eraginari buruz. Garbiñe Amotxategi, Zarauzko Santa Ana Egoitzako zuzendaria; Mikel Baza, lehen mailako arretako medikua; Mikel Muñagorri, irakaslea eta COVID-19a pasatakoa eta Naroa Zugarramurdi, adineko egoitza bateko praktiketako ikaslea, pandemiak beren bizitza pertsonal eta profesionalean zer neurritan eragin dien aztertu zuten. Ikasleek hilabete hauetan izan dituzten esperientziak kontatu zituzten. Jorge Arévalo, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak itxi zuen ekitaldia, eta Lanbide Heziketak eta irakasleen eta ikasleen kalitateak gure lurraldean duten garrantzia azpimarratu zuen.

Aubixa Fundazioa ordezkatuz, Ana Belén Juaristi presidenteordea eta Amaia Arregi, Marijo Moreno, Fina Pons, Iñaki Arregi, Mentxu Amas eta Aina Ordozgoiti. Nazaret zentrotik, Oihana Fernández zuzendaria eta Nereba Peña eta Mari Jose Lekuona eta Tknikatik Mari Jose Barriola eta Arantza Zamora.