PERTSONA GERIATRIKOEN ELIKADURA-NAHASMENDUAK

Zahartzea bizitzako etapa bat da, non gertatzen diren aldaketak prozesu organiko, funtzional eta emozionalekin lotzen diren, baina baita prozesu sozial eta ekonomikoekin ere. Aldaketa horiek guztiek, kasu askotan, bakardadearekin, abandonuarekin eta elikagaiak eskuratzeko zailtasunarekin lotutako arazoak sortzen dituzte (Pérez-Cruz, Meléndez-Mier eta Caballero-Romo, 2007). Azken errealitate horrek areagotu egin du adineko pertsonek bizitzaren etapa horretan dituzten nutrizio-premiei buruzko interesa, bai eta subjektu horiek gehiegi nahiz gutxi jateak izan ditzakeen ondorioei buruzkoa ere (Martín, Crespo, Prieto eta Chacón, 2015).

Nerabezaroan sarriago agertu arren, adineko helduengan elikadura-jokabidearen nahasmenduak daudela erakusten duten ebidentziak daude (Jáuregui, 2008). Koadro horren lehen diagnostikoa adin-talde horretako pertsona bati egin zitzaion lehen aldiz 1890. urtean, Guy ‘s ospitalean, eta eta «senile marasmus» izena eman zitzaion (Pérez-Cruz et al., 2007).

Elikadura-jokabidearen nahasmenduek, eta bereziki zahartzaroko Anorexia-nerbiosoak, % 16tik % 20ra bitarteko prebalentzia dute 65 urteko edo gehiagoko pertsonen artean, eta ohikoagoa da emakumeetan gizonetan baino (Dell ‘Aquila et al., 2013). Maila fisikoan, koadro horrek hezur-masaren murrizketarekin, funtzionamendu kognitiboaren defizitekin, ospitaleratzeen gorakadarekin, arazo immunologikoekin eta heriotza goiztiarrarekin du lotura (Morley, 2015). Koadroaren garapenaren arrazoiak askotarikoak dira, besteak beste, gizarte-isolamendua, egoera afektiboaren arazoak eta pobrezia, baina gaiarekin lotutako azterlanen arabera, hormonen deserregulazioa da kausa nagusia, baita usaimenarekin eta dastamenarekin lotutako zentzumen-gabeziak ere (Dell ‘Aquila et al., 2013). Adineko helduek elikadura-jokabidean dituzten nahasmenduekin lotutako beste arrazoi bat depresio-koadro bat izatearekin lotuta dago (Pérez-Cruz et al., 2007). Egoera afektiboaren nahasmenduek % 2 eta % 10 arteko prebalentzia erakusten dute kolektibo horretan, eta agertzeko orduan ezaugarrietako bat, heldu gazteekin alderatuta, jateko gogoa murriztuz eta pisua galduz agertzeko probabilitate handiagoa da (Chávez-Medina, 2011).

Gero eta ebidentzia handiagoa duen arren, ez da inolako tratamendu eraginkorrik garatu, baina aipatu behar da osasun-arloko profesionalak gero eta kontzienteagoak eta behatzaileagoak direla adinekoen kasuan nahasmendu horien koadroen sintomei buruz, detekzio goiztiarrak tratamendua errazten baitu, eta, beraz, bizkorrago berreskuratzen baita.

Amaia Arregi Amas

Osasun arloko Psikologo orokorra eta Psikogerontologoa