MARITXU

Atzo, bazkalostean, kafea hartzera irten nintzen balkoira. Oraindik ezagutzen ez dudan auzoa da, eta irteten naizen bakoitzean pertsona berri bat aurkitzen dut. Pisu bakoitzean errutina ezberdinak ikusten dira, bakoitzak arropa zintzilikatzeko ditugun maniak, pertsona bakoitzaren ordutegiak sukaldean aritzeko, lotara joateko, inoiz huts egiten ez duten irratsaioak, musika estilo ezberdinak, erlijio desberdinetako errezoak, barruko patio horretan entzuten diren soinu guztiak errepikatzen dituen loroa…

Balkoi batean, etxe hortan bizi denak landareekiko grina handia du, mimo handiz zaintzen ditu eta brontosauro bat du zintzilik, agian bere altxorraren zaintzaile gisa. Hori da bere pasioa, hilabete batez lore baten hazkuntza prozesua grabatzera iritsi zela 24 orduz.

Beste etxe batean telebista ez da inoiz itzaltzen, eta horrek atentzio handia ematen dit beti, eta hainbat teoriatan pentsarazten dit: konpainia, interesa, asperdura, gelditasuna…

Baina atzo desberdina izan zen, atzo zerbait berria aurkitu nuen. Atzo ezagutu nuen leihoa beti irekita duena, kalean egiten duen eguraldia edozein dela ere. Ez dakit nola duen izena, beraz… Maritxu deituko diot.

Betiko bazkal ondorengo kafea hartzen nuen bitartean, Maritxuren begiradarekin topo egin nuen.

Maritxu 82 urteko emakumea da, ile labur, leun eta zuri distiratsua duena. Begiak oso urdinak ditu, irribarre egiten duenean uzkurtzen zaizkionak. Eskuak begiratzen ditu hitz egiten duenean. Txabusina darama beti, hotza pasatzen duelako eta semearekin bizi da. Landareak gustatzen zaizkio, baina politak beste balkoian ditu, eguzkiak gehiago ematen duelako.

Ikusi ninduenean agurtu egin ninduen, nik agurra itzuli eta “Pitxitxi” al zegoen galdetu zidan. Nire aurpegi nahastuaren aurrean azaldu zidan Pitxitxi ondoko pisuko katua dela, balkoi batetik bestera ibiltzen dena, eta berari gustatzen zaiola lagun egiten diolako, eta horregatik irteten zela. Erantzun nion oraingoz ez zela irten, baina ikusten banuen abisatuko niola. Irribarre egin zuen. Hizketan jarraitu zuen, eta kontatu zidan berari, katuak baino gehiago, txakurrak gustatzen zaizkiola, gustatuko litzaiokeela “txakurtxo txiki bat, txikitxo bat edukitzea, katuak baino maitagarriagoak direlako”, baina berak ez lukeela paseatuko, bere semeak egingo lukeela, berak Parkinsona daukalako eta “ibiltzetik ere kendu diotelako”, eta triste dagoela, aspertu egiten dela eta bakarrik sentitzen dela, horregatik beti leihoa irekita uzten duela, hotz pasatzen badu ere, Pitxitxik bere etxean sartzen eta berarekin pixka batean egoten ikasi duelako, bere semeak oso ondo zaintzen duen arren, lan ere egin behar duelako eta tarte horietan…”

Estatu mailan, nahi ez den bakardadearen prebalentzia % 20-30ekoa da adineko pertsonengan, eta argi eta garbi ikusten da sentimendu horiek osasun fisikoan eta ongizatean dituzten ondorio negatiboen ebidentzia.

Maritxu niri egokitu zait ondoko balkoian bizitzea, baina seguruenik denok (edo gehienok) izango dugu Maritxu edo Joxemari bat gertu. Berak argi eta garbi azaldu zuen bakarrik sentitzen zela, baina beti ez da horrela, lotsagatik edo onartu nahi ez izateagatik, batzuetan guri dagokigu lehen urratsa ematea eta sentimendu horiek leuntzen saiatzea.

Pitxitxi agertu zen, eta nik kafe bazkalosteko betiko kafea balkoian hartzen jarraituko nuela agindu nion. Maritxuk begiak uzkurtu zituen.

Amaia Arregi Amas
Psikologo Sanitario Orokorra eta Psikogerontologoa

Aubixa Fundazioa