Donostia gutuna
Adineko Pertsonen eta Alzheimerra zein Beste Dementzia Batzuk Dituztenen Eskubideen Donostia Gutuna
Donostia Gutunaren oinarria da adineko pertsonek, oro har, gainerako pertsonek aitortuta dituzten eskubide berberak izan behar dituztela; hau da, adinaren arabera adineko pertsonatzat hartua izateak ez duela, berez, eskubide ezberdinik ematen. Hala ere, adinari lotuta doan zaurgarritasun-, diskriminazio- eta babesgabetasun-arrisku handiagoak botere publikoen eta gizartearen aldetik arreta berezia eskatzen duela ere jotzen da.
Hori dela eta, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonei eragiten dien arazoen berezitasunei erantzuteko, baita haiek zaintzen dituzten pertsonen eskubideei heltzeko ere, DONOSTIA GUTUNArekin bat egiten dute honako hauek: DISKRIMINAZIO ETA BABESGABETASUN EGOEREN AURREKO ADINEKO PERTSONEN ESKUBIDEEN GUTUNAk eta ALZHEIMERRA ETA BESTE DEMENTZIA BATZUK DITUZTEN PERTSONEN ETA HAIEK ZAINTZEN DITUZTENEN ESKUBIDEEN GUTUNAk.
Gutun honek ezin du arau-izaerarik izan eta, beraz, ez du. Indarrean dagoen araudian herritar guztiei gehienbat aitortzen zaizkien (eta, ondorioz, exijigarriak diren) eskubideen bilduma bat eskaintzearekin batera, gizarte osoaren hausnarketa bultzatu nahi du. Hausnarketa horrek zahartze-prozesuak eta Alzheimerra zein beste dementzia batzuk kudeatzeko neurri egokiak egituratzea ahalbidetuko du, Gutun honek aipatzen dituen pertsonen duintasuna eta autonomia babesten den aldi berean, diskriminazio- eta babesgabetasun-egoerak saihestuz.