688 889 806 / 943 317 324

info@aubixaf.org

GETXOKO ZAINTZAILEEI OMENALDIA NAZIOARTEKO EGUNA ZELA-ETA

Joan den azaroaren 7an, Getxoko Udalak mendekotasun-egoeran dauden pertsonen senide zaintzaileen VI. Topaketa antolatu zuen Erromo Kultur Etxean. Zaintzaileen Nazioarteko Egunean (azaroak 5), 60 pertsona inguru omendu zituzten mendekotasun-egoeran dauden senitartekoek zaintzeko duten eguneroko konpromisoagatik eta dedikazioagatik.

Topaketan, Amaia Arregi Amas psikologo eta Aubixa Fundazioko langileak zainketaren alderdi emozionalei buruzko hitzaldia eskaini zuen, “Bakardadea, gainkarga eta errua zaintzailearengan” izenburupean. Bere hitzaldian, mendekotasuna duten pertsonei etengabe laguntzeak eragin dezakeen inpaktu psikologikoari heldu zion, eta zaintzaileen ongizatea ere zaintzearen garrantzia adierazi zuen.

Gizarte Kohesioko zinegotzi Carmen Díazek ere parte hartu zuen ekitaldian, eta zaintzaileen dedikazioa eskertu zuen. Ardura hori familien, komunitatearen eta erakundeen artean partekatzeko beharra nabarmendu zuen. Jardunaldian, gainera, Klownklusiones taldearen emanaldia, aitorpen instituzionala eta hamaiketakoa izan ziren, topaketari amaiera emateko, hurbiltasun giroan.

Horrelako topaketek askotan ikusezina den eta ezinbesteko lana egiten dutenen ikusgarritasuna eta errekonozimendu soziala indartzen dute.