688 889 806 / 943 317 324

info@aubixaf.org

AMAIA ARREGI EUSKADI IRRATIAN

Datorren irailaren 20an, igandea, Amaia Arregi Amas Aubixa Fundazioko langile eta Psikologian doktoreak Taupaka saioan parte hartuko du. Marian Beitialarrangoitiak gidatutako Euskadi Irratiko irratsaioak osasunarekin eta ongizatearekin lotutako gaiak jorratzen ditu, ikuspegi sozial batetik.

Irailaren 21ean ospatzen den Alzheimerraren Munduko Egunaren harira, elkarrizketaren ardatza bere doktore-tesia izango da, dementzia eta bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pertsonen senide zaintzaileen bakardadea aztertzen duena.

Elkarrizketan ikerketaren emaitza nagusietako batzuk izango dituzte hizpide, horien artean pertsona zaintzaileen profil desberdinen identifikazioa. Profil horiek agerian uzten dute ez dagoela zaintza bizitzeko eta horri aurre egiteko modu bakarra. Era berean, bakardadea, errua, bizitzarekiko gogobetetasuna, bizi-xedea edo zaintzaren intentsitatea bezalako alderdiak elkarren artean nola erlazionatzen diren ulertzeko aukera ematen dute, eta pertsona zaintzailearen rolaren atzean egon daitezkeen bizipen eta beharren aniztasuna erakusten dute.

Horrela, elkarrizketak aukera emango du familia-zaintzaren errealitateari buruzko begirada zabalagoa eskaintzeko, baita zaintzen duten pertsonen egoera desberdinak ezagutu eta aitortzeak duen garrantzia azpimarratzeko ere, haien beharretara hobeto egokitutako erantzunak eta laguntzak eskaini ahal izateko.