Joan den irailaren 20an, Amaia Arregi Amas Aubixa Fundazioko langile eta Psikologian doktoreak Taupaka saioan parte hartu zuen. Marian Beitialarrangoitiak gidatutako Euskadi Irratiko saioan, bere doktore-tesiaren emaitza nagusiei buruz hitz egin zuen. Ikerketa dementzia eta bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pertsonen senide zaintzaileen bakardadean oinarritzen da.
Alzheimerraren Munduko Egunaren harira egindako elkarrizketak errealitate konplexu eta anitz bat entzuleengana hurbiltzeko aukera eman zuen: pertsona guztiek ez dute zaintza modu berean bizi, eta ez dituzte behar berberak.
Elkarrizketaren gai nagusietako bat ikerketan identifikatutako pertsona zaintzaileen profil desberdinak izan ziren. Profil horien bidez, tesiak erakusten du bakardadea, errua, bizitzarekiko gogobetetasuna, bizi-xedea edo zaintzaren intentsitatea bezalako alderdiak modu desberdinetan uztartzen direla, eta horrek zaintza-esperientzia oso desberdinak sortzen dituela.
Elkarrizketan, halaber, zaintzaren zamaz harago begiratzeko beharra azpimarratu zen, egoera bakoitzean zer gertatzen ari den hobeto ulertzeko. Desberdintasun horiek ezagutzeak behar espezifikoak identifikatzen eta pertsona zaintzaileen errealitatera hobeto egokitutako laguntzak eta erantzunak eskaintzen lagun dezake.
Elkarrizketa osoa entzungai dago jada, ondorengo estekan.