10. urteurreneko ospakizun ekitaldiaren egitaraua amaituta dago. Fundazioaren webgunean ere eskuragarri duzue: www.aubixaf.org
Baina hemen ere ekarriko dizuegu, baita ekitaldiko elkarrizketa nagusian parte hartuko duen Maria Luisa Segoviano Konstituzio Auzitegiko magistratuaren biografia labur bat ere. Lourdes Pérez Rebollar gure patronatu-kidearen eskutik, eskubide sozialen, emakumearen eta berdintasunarekiko konpromisoaren munduan murgilduko da.
Maria Luisa Segoviano Astaburuaga lan-zuzenbidean eta gizarte-gaietan aditua den legelari espainiarra da. 2023ko urtarrilaren 9tik Konstituzio Auzitegiko magistratua da. Auzitegi Goreneko magistratua izan zen 2006tik 2022ko urrira arte. 2020ko azaroan, Auzitegi Goreneko Laugarren Salako lehendakaritza hartu zuen bere gain, eta Gorenaren 200 urteko historian sala jurisdikzionaletako baten buru izan den lehen emakumea izan zen. Irakasle elkartu gisa aritu da Valladolideko Unibertsitateko Zuzenbide Prozesaleko Sailean (1999-2006), eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren prestakuntza-jardueretan aktiboki parte hartu du.
Berdintasunarekiko konpromisoa
Bere ibilbidean zehar emandako epai batzuk funtsezkotzat jotzen dira gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ezartzeko. Horien artean, nabarmentzekoa da haurdun dagoen eta adingabeak zaintzeko lanaldi-murrizketa duen emakume bat kaleratzeko justifikazio-kanon indartua eskatzen zuena, 2019ko lege-erreformarako eta langileen babes handiagorako funtsezko erabakia. Bere epaietako batean, Gizarte Segurantzarako Gizarte Zerbitzua, frankismo garaiko “mili femeninoa” deiturikoa, gizonezkoen Zerbitzu Militarrarekin parekatu zuen, zerbitzu hori egin zuten emakumeei “milia” egin zuten gizonek zituzten eskubide berdinekin erretiroa hartzea ahalbidetuz.
«Epaile feminista» deitzen diotenari buruz zera dio: «Batzuetan, modu gutxiesgarrian esaten badizute, ez dut onartzen, baina feminismoaz berdintasunaren muturrerainoko defentsa ulertzen badugu, jakina baietz».